Astoa ikusi nuen
Joxan Ormazabal ez nuen gehiegi ezagutzen, aitortu behar dut, baina duela aste batzuk ETB3ko Sautrela saioa ikusteko aukera izan nuen eta elkarrizketa horretan Joxanek berak aipatu zuen pasarte batekin geratu nintzen. Eskola batera joan omen zen bere liburu bati buruz gelan egindako hausnarketaz aritzea. Haurrak, 8 eta 9 urtekoak, galderak egiten hasi ziren eta halako baten neskato batek, eskua altxatu eta zera esan zion: -”…neri ez zait irakurtzea gustatzen.”
-”Lasai, nik ere zure adinarekin ez nuen gustoko, denborarekin iritsiko zaizu zaletasuna” erantzun omen zion Joxanek.
-”Ez, baina…” jarraitu nahi izan zuen neskak. Joxan esaldi horretan bigarren zatia zegoela ohartu zen.
-”Baina…zer esan nahi duzu horrekin?” galdetu zion.
-”Ba…, zure liburua gustatu egin zait”
Ikustekoa da Joxanek pasarte hau nola kontatzen duen, erdi-lotsatuta. Bere heriotzaren berri izan nuenean elkarrizketa honetaz gogoratu nintzen eta berriro ikusteko aukera izan dut. Jarraian duzue Sautrelak eskeini zion saioa bere osotasunean ikus eta entzuteko aukera. Merezi du.